Migrazioak, gerra eta ekonomia

1.- “Mamu bat dabil munduan zehar: migrazioaren mamua. Hori eragozteko, jarduera gupidagabeak erabilita, bat egiten dute mundu zaharreko indar guztiek. Baina, mugimendua menderaezina da”. Hardtek eta Negrik hori idatzi zutenean egungo munduaren hainbat ezaugarri nabarmentzen hasita geunden. 90eko hamarkadaren bukaera zen eta mundu mailako merkatu globalizatuak forma politiko berri bat zekarren berekin: Inperioa. Egileen esanetan, nazioarteko merkatuen desarautzeak, estatu-nazioen subiranotasunaren gainbehera etengabea, eta, ondorioz, molde zaharreko inperialismoaren eta kolonialismoaren desagertzea, Inperioaren ezaugarriak ziren besteak beste. Hamabost bat urte pasata, era berean, migrazioaren auzia bere osotasunean ulertuko duen ikuspegiarentzat baliagarriak ere bai, gure ustez.

2014an 59’5 milloi pertsona beren etxeak uztera derrigortuak izan ziren gerra, gatazka eta jazarpenen ondorioz. Gertakari horren neurri kuantitatibo hutsak arazo estruktural baten aurrean gaudela adierazten digu. Kapitalismoa muga guztien gainetik zabaltzearekin, hau da, irabazi ekonomiko hutsa lortzearen menpeko logika mundu osora hedatzeak suposatzen duen eguneroko erasoarekin lotura zuzena duen gertakaria. Eraso horren aurpegi krudelenak gerrak dira, militarismoak gidatutako hilketa masiboak.

Hala ere, Afganistan, Irak, Libia, Siria eta beste hainbat lurraldetako gerrak jada ez dira molde klasikora egokitzen, hau da, estatu-nazio desberdinak bere armaden bidez fronte zehatz batzuetan borroketara mugatzen zirenak; ez dira kolonialismoaren edota inperialismoaren parametro estuekin ulertzeko modukoak ere, baliabide naturalen zurrupaketa ahalbidetzeko edota potentzia nagusiaren menpeko erregimen bat ezartzeko gerren moduan. Gaurkoek gerra kolonialekin duten zerikusia beste bat da; hain zuzen, gerra zibilaren forma hartzen dutela. Kolonialismoaren historian zehar izan diren zibilen sarraskiak eredu hartuta, egungo gerra zibilak gizarte osoa kolpatzen dute. Etsaiaren erabateko suntsiketa helburu duten gerra totalak, zibilen eta borrokalarien artean desberdintasunik egiten ez dutenak. Siriakoa bezalakoak, non 12 milioi pertsona (herrialdeko biztanleriaren erdia) ihesean dabiltzan. Gerra totalaren logika horren barnean ulertu behar ditugu mundu edota zonalde mailako armaden esku hartzeak ere, bereziki biztanlego zibilaren bonbardaketa sistematikora bideratuta daudenak. Suntsiketa tresna militar modernoen erabilerak, borrokalari eta zibilen arteko bereizketa birrintzen du besteak beste.

diagonal

2.- Errefuxiatuen inguruko azken boladako informazio eta eztabaidetan, ordea, beste bide bat jorratzen ari da nagusiki. Zaharkitutako ikuspegi horren partzialtasuna gaurko gerren ardurak eta erantzunkizunak banatzerako orduan agerian geratzen da, kritika eta salaketak erakunde politikoetara mugatuz eta sistema ekonomikoa eta gizarte antolaketa (armaden izatea bera barne) eztabaidatik kanpo utziz. Jarrera horren zentzugabekeria are haundiagoa da gurea bezalako gizarte batean, non honen kudeaketan, ekoizpen kapitalistaren kriterio soilak ezartzera mugatzeko joera gero eta indartsuago den.

Horrekin zer esan nahi dugu? munduko potentziek ez dutela erantzunkizunik Ekialde Hurbileko gatazketan? Ez, ez da hori, baina, galdera beste era batera planteatu daiteke: esaterako, ze neurritako autonomia duten gaur egun botere egitura horiek, hau da, estatu-nazioek, eta zehazkiago, agintari politikoek, zenbaiterainoko subiranotasuna duten gerrak bultzatu, finantzatu eta zilegitasuna emateko orduan. Egunero eta alde guztietatik esaten digutena hauxe da, herrialde bakoitzeko boterea gizartearen gailurrean kokatutako aginte gela moduko bat dela. Arrazoibidea, orduan, honela jarraitu dezakegu: “Gerrak daude hainbat estatuk hala erabaki dutelako, edo hobeto esanda, estatu horien botere politikoaren gailurrean daudenak hala erabaki dutelako. Irtenbidea, hortaz, agintarien aldaketarekin etorriko da”.

Michel Foucaultek, orain dela 40 urte, horrelako arrazoiketekin topatzen zenean, pentsamendu eta analisi politikoan, erregea, oraindik, gilotinatu gabe zegoela adierazten zuen.

Hortaz, Erregeari (estatuari) lepoa mozteko abiapuntua beste bat izan beharko du derrigorrez. Esate baterako, ia mundu osora zabalduta dagoen gerra eta gatazken ekaitzaren erroak estatuen botere politikoetik haratago ere bilatu behar ditugula onartzea: “Nondik dator ekaitza? Ez dator politikoengandik, politikoak ekaitzaren betearazleak dira, ez besterik. Ez dator inperialismotik, ez da estatuen produktua eta ezta estatu boteretsuenen produktua ere. Ekaitza gizartea antolatuta dagoen formagatik sortzen da. Bere iraungitze data igarota duen gizarte antolaketa forma baten etsipenaren, hauskortasunaren eta ahuldadearen adierazpena da ekaitza, kapitalaren krisiaren adierazpena” (J. Holloway).

3.- Gizarte antolaketa horrek ezaugarri kuriosoak ditu. Armak, esaterako, munduko zonalde zehatz batzuetan egiten dira (AEB, Errusia eta Europar Batasunean mundu osoko %90), baina erabili baino lehen modu onean saldu eta urrutiratzeko helburuarekin. 2013an estatu espainiarra munduko bederatzigarren esportatzaile handiena zen. Inguru hauetan armagintzaren garapenak, hazkundea, ongizatea, lanpostuak eta “datu ekonomiko baikorrak” esan nahi du. Hazkundearena behintzat ukaezina da. 2004an armamentu esportazioak 405 milioi eurotakoak izan ziren; 2013an 3900 milioitakoak. Honi erabilera bikoitzeko materialen esportazioa gehitu behar diogu. Erabilera zibila edota militarra eduki dezaketen ekipamendu horien ekoizpenaren lidergoa Euskal herrian dugu. 2004ko esportazioak 44 milioi eurotakoak izan ziren; 2013an 152 milioitara iritsi ziren.

Saldutako armen herena baino gehiago (1400 milioi euro) zuzenean Ekialde Hurbilera joan ziren. Erabilera bikoitzeko materialen erosle haundienak Siriako gerrako aldeen “babesleak” dira: Txina (30’6 milioi euro), Iran (21’5 milioi), Arabiar Emirerri Batuak (13’2 milioi), Errusia (9’4 milioi).

Gurera etorriz, “euskal industria” hitz polit horren atzean dagoena, neurri batean behintzat, gerrarako tresnak (errugabeak hiltzeko tresnak) egitea, eta, ordaindu eta erabiliko dituenari saltzea da. Produkzioa eta salmenta armagintzaren kateko katebegi ikusgarrienak dira; ikerketa eta finantzaketa errazago gelditzen dira itzalpean, nahiz eta baliabide publikoak erabili eta industria militarraren menpekotasun finantzieroa handia izan.

Kapitalismoan, ez dezagun ahaztu, gauza bakar batek du garrantzia eta lehentasun osoa: ahalik eta irabazi edo etekin haundiena lortzeak. Kapitalaren eginbeharra horixe baita: diru kopuru zehatz bat diru kopuru handiago baten bihurtzea, lan indarra, baliabide naturalak eta tresneria erabiliz, ondoren ekoitzitako produktua atxikitzeko. Berdin dio produktua ogia den edo bonbak diren, kapitalismoa, Marxek zioen moduan, fetitxista delako, hots, etekina lortzeko lasterketa etengabean dabilen “sistema automatikoa, anonimoa eta inpertsonala”.

Armagintzaren teknifikazioan sartuta daude Euskal Herriko mikroelektronika, metalgintza, aeronautika eta makina erreminta industria besteak beste. Nazioarteko bahimendua duten hainhat herrialdeei debekatutako materialen salmentei buruzko berriek tartean behin erakusten diguten moduan.

Azkeneko kasua, irailean, Gasteizko Zayer enpresarena izan da. Duela urtebete berriz, Elgoibarko Goratu izan zen Irani jardun nuklerrerako produktuak saltzeagatik salatua. 2013an Amurrioko Fluvial Spain eta Lazaro Ituarte enpresak eta 2012an Durangoko ONA electroerosion konpainiak miatuak izan ziren antzeko arrazoiengatik.

Zayerren kasuan ikustekoa izan da nolako Aliantza Santua osatu duten enpresaren izen onaren defentsan. 2002an Irakek NBEra bidalitako armen txosteneko enpresen zerrendan agertzen zen Zayer. Konpainiak aitortu zuen makineria saldu izana, gaineratuz ez zekitela Iraken asmoa makineria hori programa nuklearra burutzeko erabiltzea zenik. Eusko Jaurlaritzakoek behintzat sinestu zuten: 2012an Korta saria eman zioten Zayerren sortzaileari “bere ibilbideagatik”. Iraileko operazioaren ondoren A. Tapia sailburuak enpresari aurpegia atera zion berriz “makina-erremintak jasan dituen esku hartze neurrigabeak” gaitzetsiz eta babesa agertuz “sektoreari”. Sailburuaren hitzak hala ere ez izan nahikoak Zayerren gehiengo sindikala duen ESKrentzat, “Zayer propio aipatu ez zuelako”, eta zentzu horretan EH Bilduk ateratako agiria eredugarritzat jotzen zuten.

4.- Siriako gerraz bi hitz. Edozein kontaketa baldintzatzen duen lehenengo pausoa ze datatan ematen zaion hasiera izaten da. Gurean “indarkeria” edo gatazka dela eta nahiko nabaria da hori; dagoenaren apologetak eta hipokrita guztiak ados jarri dira Biktimen Legearen harira kontaketaren hasiera 1960an ezartzean, diktaduraren erdi erdian eta ETAren ekintza armatuen hasieran. Zergatik ez 1936ko kolpe militarraren biktimekin hasi eta ondorengo erregimenaren terrorearen biktima guztiekin jarraitu? Logika historikoaren aurkako halako erabakiak interes politiko konfesaezinak estaltzeko hartzen dira. Kasu honetan batzen direnak ETAren sorrera desitxuratzeko ahalegina eta diktaduraren indarren aldetik eroritakoei nolabaiteko zilegitasuna emateko nahia dira. Ez dute lan erraza Manzanas bezalako torturatzaile eta Gestaporen kolaboratzailearen bezalako kasuetan, bide batez esanda.

Siriako gerraren kasuan antzeko ahalegin batzuk topatu ditugu. Hemengo gertaera historikoaren katea, Kolpe Militarra (1936an)- Gerra Zibila- Diktadura (40 urte) izan zen. Siriakoa berriz, Kolpe Militarra (1963)-Diktadura (48 urtez)-Gerra Zibila. Desberdintasunak desberdintasun, kate historikoa bere osotasunean ez hartzea, 2011ko diktaduraren aurkako gazteen eta ikasleen altxamendu baketsua ez aipatzea (eta ezta jaso zituzten tortura, heriotza eta armadaren errepresio bortitza), gurean bezala, interes politiko konfesaezinak estaltzeko egiten da. Helburua Al Assad gatazka militarizatzearen arduradun nagusia izan dela ahaztea eta salatzeko moduko gauza bakarra gerora piztutako gerra zibilean Mendebaldearen parte hartzea izan da. Gerra hotzaren eskemetan izoztuta gelditu diren estalinista eta ustezko antiinperialisten jario horrek ez du inongo sinesgarritasunik.

5.- Europara aurten heldu diren migratzaileen auzia, hala ere, ez da Siriako iheslariena eta ezta beste herrialde batzuetako gerretatik ihesi datozenena bakarrik. Mundu mailan eratutako merkatuan bizi garela konturatzeko egunero erabiltzen dirugun jatekoak, erropak, erregaiak, tresnak eta garraiobideak zenbat kilometro egin dituzten guretzat eskuragarri izateko ikustea nahikoa dugu. Agian zailagoa da azaltzea gizarte industrial aurreratuetako kontsumo ereduak munduko gainontzeko herrialdeetan suposatzen duen hondamendia eta Biosfera beraren suntsiketa. Ez da hau toki aproposena hori luze eta zabal jorratzeko, baina, bai esan, migrazio mugimenduaren zati garrantzitsu bat, bigarren kategorian gelditu direnak, “gerra errefuxiatuak” ez diren horiek, arrazoi horregatik ere ari direla Europara heldu nahian. Eta hauei heriotz zigorra bera aplikatzeak ere, iaz Ceutara sartzeko ahaleginean “hil ziren” 15 etorkinen kasuan bezala, oso zalaparta gutxi sortzen du gure artean. Agian gure biziraupen kontsumistaren gabezien ugaritzearekin lotzen dugulako hauen etorrera, eta, salgaien kontsumitzeko hierarkian geure lekuaren defentsa ondo barneratua dugunez, beste nonbaitera begiratzea nahiago dugulako.

Bibliografia

– Fernández Savater, Amador (2014): “Michel Foucault: irudimen politiko berri bat”. www.bagaudia.noblogs.org

– Font, Tica; Melero, Eduardo; Simarro, Camino (2014): “Exportaciones españolas de armamento 2004-2013”. www.centredelas.org

– Hardt, Michael; Negri, Antonio: Imperio. Paidos, 2002.

– Holloway, John (2014): “El pensamiento crítico frente a la hidra capitalista”. www.herramienta.com.ar

– Jappe, Anselm (2005): “Algunas buenas razones para liberarse del trabajo”. www.herramienta.com.ar

– Traverso, Enzo: A sangre y fuego. De la guerra civil europea (1914-1945). PUV, 2009.

Comments are closed.