Archive for the ‘General’ Category

Kurdistango iraultzaren inguruan zine-dokumental zikloa Matadeixen

Thursday, May 19th, 2016

 

kartela_kurds

 

NATOko bigarren armada indartsuenaren erasoak, Estatu Islamikoarenak, Irango teknokraziarenak, Barzanizren saldukeria… Nola aurre egin guzti horri?

– Askatutako lurraldeetan Estatu propioaren egiturak sortu beharrean kontseiluen eta komunen konfederazioak sortuz.

– Boteresunen aginduak betetzera zuzendutako indar armatuen ordez boluntarioen milizia bidezko autodefentsaren bitartez.

– Emakumeak menpeko zereginetara mugatu ordez, soilik emakumez osatutako miliziekin lehen lerroko borroketan parte hartuz…

Nola da posible hori guztia? Ez al da arraroa kurduen iraultza? Edo, agian… alderantziz, horixe da logikoena, eta urtu beharrekoak gure burmuinen gogortasunak dira, orain arte ikusten ez genuena ikusteko eta pentsaezina iruditzen zitzaiguna pentsatzeko? Kurduei buruzko pelikula eta dokumental sorta hau bide horretan urrats bat izan dadila.

egitaraua HEMEN

INFO gehiago:

https://newrozeuskalkurduelkartea.wordpress.com/

http://https://rojavaazadimadrid.wordpress.com/

http://https://www.youtube.com/watch?v=qebXLFqRq1g

Migrazioak, gerra eta ekonomia

Wednesday, December 16th, 2015

1.- “Mamu bat dabil munduan zehar: migrazioaren mamua. Hori eragozteko, jarduera gupidagabeak erabilita, bat egiten dute mundu zaharreko indar guztiek. Baina, mugimendua menderaezina da”. Hardtek eta Negrik hori idatzi zutenean egungo munduaren hainbat ezaugarri nabarmentzen hasita geunden. 90eko hamarkadaren bukaera zen eta mundu mailako merkatu globalizatuak forma politiko berri bat zekarren berekin: Inperioa. Egileen esanetan, nazioarteko merkatuen desarautzeak, estatu-nazioen subiranotasunaren gainbehera etengabea, eta, ondorioz, molde zaharreko inperialismoaren eta kolonialismoaren desagertzea, Inperioaren ezaugarriak ziren besteak beste. Hamabost bat urte pasata, era berean, migrazioaren auzia bere osotasunean ulertuko duen ikuspegiarentzat baliagarriak ere bai, gure ustez.

2014an 59’5 milloi pertsona beren etxeak uztera derrigortuak izan ziren gerra, gatazka eta jazarpenen ondorioz. Gertakari horren neurri kuantitatibo hutsak arazo estruktural baten aurrean gaudela adierazten digu. Kapitalismoa muga guztien gainetik zabaltzearekin, hau da, irabazi ekonomiko hutsa lortzearen menpeko logika mundu osora hedatzeak suposatzen duen eguneroko erasoarekin lotura zuzena duen gertakaria. Eraso horren aurpegi krudelenak gerrak dira, militarismoak gidatutako hilketa masiboak.

Hala ere, Afganistan, Irak, Libia, Siria eta beste hainbat lurraldetako gerrak jada ez dira molde klasikora egokitzen, hau da, estatu-nazio desberdinak bere armaden bidez fronte zehatz batzuetan borroketara mugatzen zirenak; ez dira kolonialismoaren edota inperialismoaren parametro estuekin ulertzeko modukoak ere, baliabide naturalen zurrupaketa ahalbidetzeko edota potentzia nagusiaren menpeko erregimen bat ezartzeko gerren moduan. Gaurkoek gerra kolonialekin duten zerikusia beste bat da; hain zuzen, gerra zibilaren forma hartzen dutela. Kolonialismoaren historian zehar izan diren zibilen sarraskiak eredu hartuta, egungo gerra zibilak gizarte osoa kolpatzen dute. Etsaiaren erabateko suntsiketa helburu duten gerra totalak, zibilen eta borrokalarien artean desberdintasunik egiten ez dutenak. Siriakoa bezalakoak, non 12 milioi pertsona (herrialdeko biztanleriaren erdia) ihesean dabiltzan. Gerra totalaren logika horren barnean ulertu behar ditugu mundu edota zonalde mailako armaden esku hartzeak ere, bereziki biztanlego zibilaren bonbardaketa sistematikora bideratuta daudenak. Suntsiketa tresna militar modernoen erabilerak, borrokalari eta zibilen arteko bereizketa birrintzen du besteak beste.

diagonal

2.- Errefuxiatuen inguruko azken boladako informazio eta eztabaidetan, ordea, beste bide bat jorratzen ari da nagusiki. Zaharkitutako ikuspegi horren partzialtasuna gaurko gerren ardurak eta erantzunkizunak banatzerako orduan agerian geratzen da, kritika eta salaketak erakunde politikoetara mugatuz eta sistema ekonomikoa eta gizarte antolaketa (armaden izatea bera barne) eztabaidatik kanpo utziz. Jarrera horren zentzugabekeria are haundiagoa da gurea bezalako gizarte batean, non honen kudeaketan, ekoizpen kapitalistaren kriterio soilak ezartzera mugatzeko joera gero eta indartsuago den.

Horrekin zer esan nahi dugu? munduko potentziek ez dutela erantzunkizunik Ekialde Hurbileko gatazketan? Ez, ez da hori, baina, galdera beste era batera planteatu daiteke: esaterako, ze neurritako autonomia duten gaur egun botere egitura horiek, hau da, estatu-nazioek, eta zehazkiago, agintari politikoek, zenbaiterainoko subiranotasuna duten gerrak bultzatu, finantzatu eta zilegitasuna emateko orduan. Egunero eta alde guztietatik esaten digutena hauxe da, herrialde bakoitzeko boterea gizartearen gailurrean kokatutako aginte gela moduko bat dela. Arrazoibidea, orduan, honela jarraitu dezakegu: “Gerrak daude hainbat estatuk hala erabaki dutelako, edo hobeto esanda, estatu horien botere politikoaren gailurrean daudenak hala erabaki dutelako. Irtenbidea, hortaz, agintarien aldaketarekin etorriko da”.

Michel Foucaultek, orain dela 40 urte, horrelako arrazoiketekin topatzen zenean, pentsamendu eta analisi politikoan, erregea, oraindik, gilotinatu gabe zegoela adierazten zuen.

Hortaz, Erregeari (estatuari) lepoa mozteko abiapuntua beste bat izan beharko du derrigorrez. Esate baterako, ia mundu osora zabalduta dagoen gerra eta gatazken ekaitzaren erroak estatuen botere politikoetik haratago ere bilatu behar ditugula onartzea: “Nondik dator ekaitza? Ez dator politikoengandik, politikoak ekaitzaren betearazleak dira, ez besterik. Ez dator inperialismotik, ez da estatuen produktua eta ezta estatu boteretsuenen produktua ere. Ekaitza gizartea antolatuta dagoen formagatik sortzen da. Bere iraungitze data igarota duen gizarte antolaketa forma baten etsipenaren, hauskortasunaren eta ahuldadearen adierazpena da ekaitza, kapitalaren krisiaren adierazpena” (J. Holloway).

3.- Gizarte antolaketa horrek ezaugarri kuriosoak ditu. Armak, esaterako, munduko zonalde zehatz batzuetan egiten dira (AEB, Errusia eta Europar Batasunean mundu osoko %90), baina erabili baino lehen modu onean saldu eta urrutiratzeko helburuarekin. 2013an estatu espainiarra munduko bederatzigarren esportatzaile handiena zen. Inguru hauetan armagintzaren garapenak, hazkundea, ongizatea, lanpostuak eta “datu ekonomiko baikorrak” esan nahi du. Hazkundearena behintzat ukaezina da. 2004an armamentu esportazioak 405 milioi eurotakoak izan ziren; 2013an 3900 milioitakoak. Honi erabilera bikoitzeko materialen esportazioa gehitu behar diogu. Erabilera zibila edota militarra eduki dezaketen ekipamendu horien ekoizpenaren lidergoa Euskal herrian dugu. 2004ko esportazioak 44 milioi eurotakoak izan ziren; 2013an 152 milioitara iritsi ziren.

Saldutako armen herena baino gehiago (1400 milioi euro) zuzenean Ekialde Hurbilera joan ziren. Erabilera bikoitzeko materialen erosle haundienak Siriako gerrako aldeen “babesleak” dira: Txina (30’6 milioi euro), Iran (21’5 milioi), Arabiar Emirerri Batuak (13’2 milioi), Errusia (9’4 milioi).

Gurera etorriz, “euskal industria” hitz polit horren atzean dagoena, neurri batean behintzat, gerrarako tresnak (errugabeak hiltzeko tresnak) egitea, eta, ordaindu eta erabiliko dituenari saltzea da. Produkzioa eta salmenta armagintzaren kateko katebegi ikusgarrienak dira; ikerketa eta finantzaketa errazago gelditzen dira itzalpean, nahiz eta baliabide publikoak erabili eta industria militarraren menpekotasun finantzieroa handia izan.

Kapitalismoan, ez dezagun ahaztu, gauza bakar batek du garrantzia eta lehentasun osoa: ahalik eta irabazi edo etekin haundiena lortzeak. Kapitalaren eginbeharra horixe baita: diru kopuru zehatz bat diru kopuru handiago baten bihurtzea, lan indarra, baliabide naturalak eta tresneria erabiliz, ondoren ekoitzitako produktua atxikitzeko. Berdin dio produktua ogia den edo bonbak diren, kapitalismoa, Marxek zioen moduan, fetitxista delako, hots, etekina lortzeko lasterketa etengabean dabilen “sistema automatikoa, anonimoa eta inpertsonala”.

Armagintzaren teknifikazioan sartuta daude Euskal Herriko mikroelektronika, metalgintza, aeronautika eta makina erreminta industria besteak beste. Nazioarteko bahimendua duten hainhat herrialdeei debekatutako materialen salmentei buruzko berriek tartean behin erakusten diguten moduan.

Azkeneko kasua, irailean, Gasteizko Zayer enpresarena izan da. Duela urtebete berriz, Elgoibarko Goratu izan zen Irani jardun nuklerrerako produktuak saltzeagatik salatua. 2013an Amurrioko Fluvial Spain eta Lazaro Ituarte enpresak eta 2012an Durangoko ONA electroerosion konpainiak miatuak izan ziren antzeko arrazoiengatik.

Zayerren kasuan ikustekoa izan da nolako Aliantza Santua osatu duten enpresaren izen onaren defentsan. 2002an Irakek NBEra bidalitako armen txosteneko enpresen zerrendan agertzen zen Zayer. Konpainiak aitortu zuen makineria saldu izana, gaineratuz ez zekitela Iraken asmoa makineria hori programa nuklearra burutzeko erabiltzea zenik. Eusko Jaurlaritzakoek behintzat sinestu zuten: 2012an Korta saria eman zioten Zayerren sortzaileari “bere ibilbideagatik”. Iraileko operazioaren ondoren A. Tapia sailburuak enpresari aurpegia atera zion berriz “makina-erremintak jasan dituen esku hartze neurrigabeak” gaitzetsiz eta babesa agertuz “sektoreari”. Sailburuaren hitzak hala ere ez izan nahikoak Zayerren gehiengo sindikala duen ESKrentzat, “Zayer propio aipatu ez zuelako”, eta zentzu horretan EH Bilduk ateratako agiria eredugarritzat jotzen zuten.

4.- Siriako gerraz bi hitz. Edozein kontaketa baldintzatzen duen lehenengo pausoa ze datatan ematen zaion hasiera izaten da. Gurean “indarkeria” edo gatazka dela eta nahiko nabaria da hori; dagoenaren apologetak eta hipokrita guztiak ados jarri dira Biktimen Legearen harira kontaketaren hasiera 1960an ezartzean, diktaduraren erdi erdian eta ETAren ekintza armatuen hasieran. Zergatik ez 1936ko kolpe militarraren biktimekin hasi eta ondorengo erregimenaren terrorearen biktima guztiekin jarraitu? Logika historikoaren aurkako halako erabakiak interes politiko konfesaezinak estaltzeko hartzen dira. Kasu honetan batzen direnak ETAren sorrera desitxuratzeko ahalegina eta diktaduraren indarren aldetik eroritakoei nolabaiteko zilegitasuna emateko nahia dira. Ez dute lan erraza Manzanas bezalako torturatzaile eta Gestaporen kolaboratzailearen bezalako kasuetan, bide batez esanda.

Siriako gerraren kasuan antzeko ahalegin batzuk topatu ditugu. Hemengo gertaera historikoaren katea, Kolpe Militarra (1936an)- Gerra Zibila- Diktadura (40 urte) izan zen. Siriakoa berriz, Kolpe Militarra (1963)-Diktadura (48 urtez)-Gerra Zibila. Desberdintasunak desberdintasun, kate historikoa bere osotasunean ez hartzea, 2011ko diktaduraren aurkako gazteen eta ikasleen altxamendu baketsua ez aipatzea (eta ezta jaso zituzten tortura, heriotza eta armadaren errepresio bortitza), gurean bezala, interes politiko konfesaezinak estaltzeko egiten da. Helburua Al Assad gatazka militarizatzearen arduradun nagusia izan dela ahaztea eta salatzeko moduko gauza bakarra gerora piztutako gerra zibilean Mendebaldearen parte hartzea izan da. Gerra hotzaren eskemetan izoztuta gelditu diren estalinista eta ustezko antiinperialisten jario horrek ez du inongo sinesgarritasunik.

5.- Europara aurten heldu diren migratzaileen auzia, hala ere, ez da Siriako iheslariena eta ezta beste herrialde batzuetako gerretatik ihesi datozenena bakarrik. Mundu mailan eratutako merkatuan bizi garela konturatzeko egunero erabiltzen dirugun jatekoak, erropak, erregaiak, tresnak eta garraiobideak zenbat kilometro egin dituzten guretzat eskuragarri izateko ikustea nahikoa dugu. Agian zailagoa da azaltzea gizarte industrial aurreratuetako kontsumo ereduak munduko gainontzeko herrialdeetan suposatzen duen hondamendia eta Biosfera beraren suntsiketa. Ez da hau toki aproposena hori luze eta zabal jorratzeko, baina, bai esan, migrazio mugimenduaren zati garrantzitsu bat, bigarren kategorian gelditu direnak, “gerra errefuxiatuak” ez diren horiek, arrazoi horregatik ere ari direla Europara heldu nahian. Eta hauei heriotz zigorra bera aplikatzeak ere, iaz Ceutara sartzeko ahaleginean “hil ziren” 15 etorkinen kasuan bezala, oso zalaparta gutxi sortzen du gure artean. Agian gure biziraupen kontsumistaren gabezien ugaritzearekin lotzen dugulako hauen etorrera, eta, salgaien kontsumitzeko hierarkian geure lekuaren defentsa ondo barneratua dugunez, beste nonbaitera begiratzea nahiago dugulako.

Bibliografia

– Fernández Savater, Amador (2014): “Michel Foucault: irudimen politiko berri bat”. www.bagaudia.noblogs.org

– Font, Tica; Melero, Eduardo; Simarro, Camino (2014): “Exportaciones españolas de armamento 2004-2013”. www.centredelas.org

– Hardt, Michael; Negri, Antonio: Imperio. Paidos, 2002.

– Holloway, John (2014): “El pensamiento crítico frente a la hidra capitalista”. www.herramienta.com.ar

– Jappe, Anselm (2005): “Algunas buenas razones para liberarse del trabajo”. www.herramienta.com.ar

– Traverso, Enzo: A sangre y fuego. De la guerra civil europea (1914-1945). PUV, 2009.

Michel Foucault: irudimen politiko berri bat

Friday, January 16th, 2015

Ondorengoa, Amador Fernández-Savaterrek idatzitako testu baten itzulpena da.

Berak dioen bezala, gaurkotasun handiz ageri zaizkigu Michel Foucaultek botereari buruz eta duela 40 bat urte esandakoak. Bere orduko jarduna (eta militantzia) boterearen ingurukoaz gain espetxe instituzioei lotutakoa ere bazen (Surveillir et Punir, etab.), hortik kartzeletako munduari eta egiten dizkion erreferentziak.

Guztiarekin ados egon eta besterik gabe onartu beharrean, boterearen izaerari buruz eta esaten zituenak gogorarazteko modukoak begitantzen dira gaur egun ere, nahiz eta teorian gauza jakinak bezala azaldu, praktikan, oraindik, botereari buruz pentsatzean edo hau irudikatzean berak baztertu nahi zuen “aginte gelaren” irudi hori baita ohikoena. Foucaultek berak bere lanei buruz jardutean erabiltzen zuen “erreminta-kaxaren” irudi horrekin geldituko gara beraz, goitik datozen egia “profetikoen” erosotasunean baino.

 

Michel Foucault: irudimen politiko berri bat

Bere heriotzaren 30. urteurrenean, irudi bat Michel Foucaulten pentsamendu politikoaren gaurkotasunari buruzko gogoeta hau abiatzeko:

1977 amaiera aldera sozialistak eta komunistak 1978ko martxoko frantziako hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkezteko “programa bateratu” bat ari dira eztabaidatzen.

Unea iritsi da, batzuen iduriko, beharrezkoa den “ezkerraren batasuna” dela medio, 68ko maiatzeko errebolta garaipen elektoral eta instituzionalean bihurtzeko. “Letra larrizko politikaren” eta gauza serioen garaia da errealitatea eraldatzeko funsgabeak diren hainbeste autogestio, demokrazia zuzen eta hainbeste autoantolaketaren ondoren.

Garai berean, bi argitalpenek, hezkuntza, osasun artapena, hirigintza, ingurumena edota lana bezalako gizarte arloetan engaiatutako pertsonen arteko topaketa bat antolatuko dute.

Michel Foucault, agian garaiko ortzi intelektualean zen izarrik distiratsuena, topaketan izango da “auzo medikuntza” tailerrean izena emanda. Le Nouvel Observateur aldizkariak (670 zkia.) hango lanak bukatu osteko bere irudipenak jasotzen ditu “Mobilizazio kultural bat” izenburutzat duen elkarrizketa laburrean. Beste gauza batzuen artean Foucaultek honela dio:

Nik tailer horretan diren pertsonak bezalakoentzat idazten eta lan egiten dut, galdera berriak planteatzen dituen jende berri hori. Erizainen edo gartzela zaintzaileen galderak dira intelektualen arreta erakarri beharko luketenak. Pariseko intelektualitate profesionalak elkarri burura jaurtitzen dizkion anatemak baino mila bider garrantzitsuagoak dira”.

Bi egunetako debate bizi eta eztabaida sakonki politikoetan zehar –botere, jakite, eta diru harremanak ezbaian jartzea baitzen egitekoa- “auzo medikuntza” tailerreko 30 partehartzaileetatik inork ez zituen “1978ko martxoa” edo “hauteskundeak” hitzak erabili. Hori garrantzizkoa eta esanguratsua da. Berrikuntza ez dator jada partiduetatik, sindikatuetatik, burokrazietatik, politikatik. Kontua indibiduala da, morala. Jada ez diogu galdetzen teoria politikoari zer egin, tutoreak ez dira honezkero beharrezkoak. Aldaketa ideologikoa da, eta sakona”.

Azken 15 urtetan mugimendu handi bat aktibatu da, non anti-psikiatria eredua den eta 68ko Maiatza momentu bat. Behinola gizartearen zoriontasuna bermatzen zuten maila sozialetan, medikuak adibidez, gaur egun ezengonkor bihurtzen den biztanleria oso bat dago, mugimenduan jartzen dena, bilaketan, ohiturazko hiztegietatik eta egituretatik kanpo. Zera da… ez naiz iraultza kulturala esaten ausartzen, baina bai dudarik gabe mobilizazio kultural bat. Politikoki berreskuraezina: nabari da eurentzat arazoa inola ere aldatuko zenik gobernu aldaketa bat egon balitz. Eta horrek pozten nau”

Keinua guztiz probokatzailea da. Filosofo handienarentzat garrantzitsuagoa da tailer xume bat sozialisten eta komunisten arteko “programa bateratuaren” gaineko eztabaida baino; tailer hori da 68ko maiatzarekin lerro zuzenean lotzen dena, eta ez ezkerreko frontearen balizko hauteskunde garaipena; berrikuntza politikoa balizko gobernu aldaketak epel uzten duen jende talde txiki baten eskutik. “Unearen mailan egotea” oso behean kokatzean bazetza bezala, “letra larrizko politika” benetan letra xehez idatziko balitz bezala.

Probokatzailea bai, baina ez apetazkoa. Garaiko bere garapen teorikoekin guztiz bat dator Foucaulten keinua. Beraz, zer ulertzen zuen Foucaultek botereaz (botere politikoa ez bazen)? Nola pentsatzen zituen erresistentziak (partiduaren paradigmatik kanpo)? Zer zen beretzat ekarpen intelektuala emantzipazio praktikei dagokienean (ez bazen manifestuak sinatzea edo egoerari buruzko iritzia ematea)?

Boterea, jakitea eta erresistentziak funtsezko hiru arazo dira filosofo frantziarraren ibilbide osoan zehar. Ez naiz bere obran aditua, eta ez nintzateke lerro gutxi batzutan arazo horiekiko bere hausnarketaren konplexutasun guztia laburbiltzen ausartuko, baina gauza batzuk iradoki nahiko nituzke “mobilizazio kultural” horren balioa non datzan hobeto ulertzen saiatzeko eta azaltzeko ze zentzutan uste dudan gaur ere beharrezko zaigula.

michel_foucault

Lehenik, boterearen kontua

Pentsamendu eta analisi politikoan erregea ez da oraino gillotinatu”, idatzi zuen Foucaultek 1976an. Zer esan nahi du horrek? Foucault hor botere handientsu baten irudiaz ari da, leku jakin batean metatua, beti urrun eta goian dena, nondik bere borondatea bere mendekoei/biktimei bertikalki igortzen dien.

Erregea Estatuak, legearen aginteak edo klase dominazioak ordezten du, baina boterea ulertzeko modu bera islatuz: gizartearen gailurrean kokatutako “aginte gela” moduko batena hain zuzen. Foucaulten lan guztia eskema kontzeptual/mental hori haustera bideratzen da.

Figura handietan (Estatua, legea, klasea) metatzen den edo haietatik eratortzen dena bezala baino, Foucaultek boterea “indarren eremu sozial” bezala pentsatzea proposatzen digu. Boterea ez da puntu subirano batetik jeisten; haatik, alde guztietatik dator: milaka indar harremanek zeharkatzen eta eratzen dituzte hezkuntza, osasuna, hiria, sexualitatea edota lana ulertzeko gure moduak (praktikak).

Indar harreman horiek ez dira soilik modu juridikoetan kodetzen (legearen arabera egin eta egin ezin daitekeena), baizik eta gorputzak eta jarrerak arauetara (legeen bestelakoak) doitzen dituzten legeez haragoko prozedura infinituki anitzez osatzen dira. Har dezagun presondegi bat esaterako: legedia esplizituak presoaren bergizarteratzeko espazioa dela dio, baina eguneroko mila jardunbidek oso bestelako emaitza dakarte: markatzea, gaizkilearen estigmatizazioa, esklusioa. Boterearen analisi juridiko hutsa itsu zaio indar erabakigarri horiei.

Indarren eremu sozial horretan badira, noski, “trinkotze bereziko puntuak”: Estatua, legea, gizarte hegemoniak… Botere sarearen nodo handienak dira. Baina Foucaultek (ohiko ikuspegia irauliz) “forma terminal” edo azkenburuko lez bezala pentsatzea proposatzen digu. Hau da, ez hainbeste botereharremanen jokuaren kausa balira; efektu bezala baizik; Jatorrizko instantzia sortzaile lez baino, ondorengo eta eratorri bezala. Ingerada, isla, iceberg ertzak bezala. Estatu aparatuak, legeak eta gizarte-hegemoniak, eguneroko borrokaren agertokiko atzealde ilun eta borbokari horretan antzemangarriak diren forma ikusgarriak dira.

Forma terminalak bai, baina ez pasiboak. Boterearen figura ikusgarriak indarren eremu sozialaren emaitza dira eta han dira pausatzen, baina aldi berean finkatu egiten dute (ez hala ere behin-betiko). Hau da, hainbat indar-harreman zehatz eta tokian-tokikoak kateatzen dituzte, hala efektu globalak eta estrategia orokorrak sorraraziz. Honi buruz, 70 hamarkadako marxismo gailenduarekin eztabaidan, Foucaulten aipu argigarria: “Ez dut uste burges klasea denik (edota bere elementuetatik hura ala bestea) botere-harremanen multzoa inposatzen duena. Esan dezagun klase horrek bere onerako erabili eta aldatzen dituela, batzuk areagotzen eta beste batzuk indargabetzen saiatzen dela. Ez dago, beraz, [botere-harreman] guztiak emari edo jario balira lez irtetzen zaizkioneko [botere] foku bakarrik; klase sozial baten, talde baten, beste batekiko dominazioa ahalbidetzen duen botere-harremanen elkarkorapilatze bat baizik”.

Jordi Évolek Pepe Mujicari egin zion elkarrizketa famatuan, aurkezleak uruguaiko presidenteari ea bere hauteskunde-programa bete zuen galdetu zion: “Bai zera”, Mujicak barrez, “ze uste duzu, presidentea nahi duena egiten duen erregea dela?” Eta ondoren, nolazpait, Èvoleri “irakaspen foucaultiano” bat ematen dio, esplikatuz nola botere politikoak egin eta egin ezin dezakeena indarren eremu sozialak baldintzatzen duela (neoliberalismoak bere neurrira eraikitzen duen egitura juridikoak, subjektu sozialen desio eta itxaropenek beraiek, etab.).

Boterea ez da okupatu edo bat-batean erasotu daitekeen leku nabarmenen batean aurkitzen den gauza bat: XX. mendeko paradigma iraultzaile hegemonikoa krisian sartzen da hemen. Indarren eremu sozialarekin harremanik gabe, leku hori hutsik dago eta botere hori indargea da. Guztia birpentsatu behar da berriz, ez ordea iraultzaren beharra baztertzeko, begirada berri batek bizkortu dezan baizik.

Bigarrenik, erresistentzien kontua

Boterea non, erresistentziak han” dio esakun foucaultiano ezagun batek: boterea puntu bakar batean metatzen ez denaren ideia (buruzagiak, kasta politikoa, etab.), baizik eta gizarteko bazter guztietatik sortzen eta ernetzen dela, ez da dominazioaren omnipotentziari buruzko tesi ezkorra. Aitzitik: boterea indarren arteko harreman bezala definitzeak ekintza baten eta beste baten arteko harreman bezala ulertzea esan nahi du. Aginte-ekintza bat eta erantzuten dion beste ekintza bat. Indarra ez da objektu pasibo baten gainean egiten, beti ekintzarako gai eta ustekabeko erantzuna emateko gai den beste indar baten gainean baizik.

1977ko elkarrizketa batean, Foucaultek “plebea” deitzen die erresistentzia guzti horiei. Lehenik, plebea, erantzun zehatz, tokian-tokiko eta kokatua da, bera bezala, zehatza, tokian-tokikoa eta kokatua den botere ekinza bati. Hor datza preseski bere ahalmena: gauzatzen den lekuan erantzuten dio botereari, ez beste inon. “Plebea gutxiago da botere-harremanen kanpoaldea bere alde erantzia baino, bere muga, bere kontrapuntua baino; boterearen zernahi aitzinatzeri erantzuten diona da, hartaz libratzeko”.

Bigarrenik, plebea ez da errealitate soziologikoa (kondizio soziala edo interesak partekatzen dituztenak), baizik eta akats bat emandako identitateetan. Ez da ez herria, ez pobreak ezta baztertuak ere: “plebea dago gorputzetan, arimetan, norbanakoetan, langilerian, baita burgesian ere; baina hedapen, forma, energia eta murriztezintasun ezberdinekin”. Ez dago bereizketa binariorik boterearen blokearen eta erresistentzien blokearen artean: botereak eta erresistentziek guztia (eta bakoitza) zeharkatzen dute.

Azkenik, plebea ez da substantzia, ekintza baizik. “Plebea ez da existitzen, baina badago plebea”. Zera diogunean bezala: “adiskidetasuna ez da existitzen, baina adiskidetasun frogantzak daude”. Gertatzen den zerbait da, edo besterik gabe, existitzen ez dena. Egitatea da, adierazpena, gertaera.

Antolatu al daiteke plebea, hain errealitate mugikorra, askotarikoa eta konplexua? Erantzuna baietz da. Botereak, hainbat indar-harreman zehatz eta tokian-tokikoak kateatuz eta korapilatuz estrategia globalak eragiten dituen bezala, erresistentziak ere “estrategikoki kodetu” daitezke ondorio orokorrak sorraraziz: iraultzak.

Nola? Kontua da, antolaketaz pentsatzean gutxienez bi inertzia ekiditea: 1) sinplifikazioa (soilik berdina dena antola daiteke) eta 2) bereizketa (antolatzeko, erresistentziak garatzen direneko leku zehatzetatik “irten” beharra dago). XX. mendean zehar ezagutu izan ditugun “subjektu politikoek” (partidu politikoa edo talde armatua) eredu hori jarraitzen dute: beren buruak erresistentzien burutzat eta artikulaziotzat hartuz, egiazki espazio homogeneoak bezala eraikitzen dira, erresistentziak bizirik dauden munduetatik at, isolaturik.

Orduan? Kontua litzateke, antolaketa erresistentzia-puntu ezberdinen arteko “zirkulazio” moduan berrirudikatzea. Erresistentzien izaera barreiatua eta kokatua onartzea, ez saihestu beharreko oztopoa balitz bezala, potentzia bezala baizik. Erresistentziak forma zentralizatuen pean eta beren munduekin harreman organikorik gabe nola bildu pentsatu beharrean, pentsatzea nola eraiki “jakite batetik besterako lotura transbertsalak, politizazio puntuen artekoak, gurutzatzeak eta trukatzeak”.

Plebea bere erresistentzia praktikak jakinaraziz eta hedatuz antolatzen da. Ziurrenik, Foucaultek 1978ko tailer horiek hainbeste atsegin izan bazituen, erresistentziak beren ezberdintasunak eta mundu propioak parentesi artean ipini gabe elkar aurki zitezen espazio bat zabaltzen zutelako izan zen.

Azkenik, jakiteen kontua

Lan teorikoren bat egiten saiatu izan naizen bakoitzean neure bizitza propioaren osagaietatik abiatuz egin izan dut, beti neure inguruan gertatzen ikusten nituen prozesuei lotuta”, zioen Foucaultek. Bizitako esperientzien argigarri, denboran eta espazioan benetan urrun joateko gai zen Foucault (aspaldiko mendeak, pertsonaia ilunak, testu galduak), baina bere erudizio guztia orainaldiko “arazoak, larritasunak, zauriak eta egonezinak” pentsatzearen zerbitzura jarrita dago.

Hanka bat kalean duzula pentsatzeko moduaren eta hitzez-hitzezko pentsatzeko moduaren arteko aldea da. Hitzez-hitz pentsatzean liburuek liburuetara igortzen dute. Hanka bat kalean duzula pentsatzean, liburuek bizitza indibidualaren eta kolektiboaren oihartzuna dakarte.

Foucault irakurri ondoren indartsuago, adimentsuago, alaiago egoten zara, nahiz eta berak guztia konplikatu besterik ez duen egiten. Nola liteke? Nire intuizioa honakoa da: pentsamenduaren pozak ez du ikustekorik atera ditzakegun ondorioen kontsolagarritasunarekin, geure kabuz nonbaitera heltzeko gai garela jabetzearekin baizik. Arrasto sakona uzten duen esperientzia da: geure kabuz zerbait (edozer) pentsatzeko gai izan bagara, berriz ere egin ahal izango dugu.

Hori, Foucaultek, sarritan marxismoarekin lotzen zuen “jarrera profetikoa” deitu zion horren aurkakoa da: pentsamendu mobilizatzailea, baina egiaz pentsamendua desmobilizatzea lortzen duena. Nola? 1) beharrizan historikoa eta lortu beharreko helburuak nahasiz, hauek errealitatearen joanean aurreidatzirik baleude bezala (“badator kapitalismoaren amaiera”, etab.); 2) “borroken alde ilunak eta bakartiak” estaliz: zailtasunak, errealitatearen kontraesanak eta argi-ilunak, borrokaren batek arreta mediatikorik eta fokuen argirik ez dueneko isiltasun eta ikusezintasun faseak; eta 3) etengabe tesi batzuenganako gure atxikimendua bilatuz, baina inolako lan pertsonalik eskatu gabe.

Nondik datorren sekula jakin ez, eta gertatzen dena deskribatzen duen off-eko ahotsaren modukoa den nagusitasunezko jarrera profetikoaren ordez, Foucaultek teoria “erreminta-kaxa” bezala ulertzen du. Ez kasu guztietarako balio duen sistema teorikoa bailitzan, indar-harreman konkretu baten berezko logika argitzeko tresna egoki bezala baizik. Ez diagnostiko itxi eta perfektu bezala, norbere kabuz doitzen ikasi beharreko betaurrekoak balira baizik. Bestearen aktibazioa eskatzen duen (bi norabidetan) amaitu gabeko pentsamendua. “Edozeinek balizko borrokaren batean erabiliak izateko moduko egiazko efektuak sortu nahi nituzke, asmatzeko dauden formetan eta definitzeko dauden antolabideetan; nire arrazoibidearen amaieran askatasun hori uzten dut harekin zerbait egin nahi duenarentzat”.

Teoria erreminta-kaxa bezala ulertzen duen intelektuala (edozein) ez da gurua, orakulua edota gidaria, Foucaultek “berariazko intelektuala” deitu zuena baizik. Ez balore unibertsalen bozeramailea, egoera konkretuena baizik. Ez jarraitu beharreko ildoa marrazten duena, libreki erabil daitezkeen tresnak ematen dituena baizik. Ez guztia dakien off-eko ahotsa, borroka baten potentziaren luzapena baizik.

Pluralean pentsatzea

1978ko tailer haietan eztabaida “sakonki politikoak” eman ziren; hala ere, Foucaultek nahiago izan zuen “kultura mobilizazio” batetaz hitz egin. Zergatik? Uste dut Foucaultek han nabaritu zuena ikusteko eta pentsatzeko moduetan aldaketa bat izan zela. Hau da, kultura edota paradigma aldaketa. Bera eskatzen ari zen “irudimen politiko berriaren” elementu batzuk hain zuzen ere.

Honela defini genezake agian elementu horietako bat: pluralean pentsatzea. Adibidez, boterea Estatuaren monopolio bezala ez ulertzea, indarren eremu sozial bezala baizik; edo erresistentziak partidu politikoen monopolio bailiren, baizik eta edonon, edozeinen esku dauden aukera bezala; edota, jakitea, espezialisten eta adituen monopolio balitz beharrean, guztiok erabili eta ekarpenak egin diezazkiogun egilerik eta jaberik gabeko erreminta-kaxa bezala.

Gure une historikoa 70 hamarkadako urte haietakoaren aldean ezberdina da, noski, baina, ez al da oraindik premiazko beharra pluralean pentsatzea, erdigunerik gabe? Aldaketa soziala pentsatu eta egitea, ez plano bakar batean ematen den zerbait bezala (partiduak-hauteskundeak-botere politikoa), baizik eta denboraren, espazioaren eta aktoreen pluraltasun batetik?

Politika zaharraren” eta “politika berriaren” artean bereizteko irizpide bat, denbora-irizpide soil bat baino, gako hau izan liteke: pluralean pentsatu edo norbere buruan pentsatu (erdigune bezala).

Hala, politika zaharra etengabe birzentralizatzen den hura litzateke, energia sozial guztiak denbora, leku eta aktore gutxi batzuen baitan metatzen dituena. Gune gutxi batzuetan boterea pilatuko lukete gainerakoen geldotasunaren eta desertzioaren kontura (efikaziaren izenean betiere, etab.).

Bere aldetik, politika berria, etengabe erdigunea husten diharduena litzateke gainerakoa indartuz. Espazio pribilegiatu batzuetara mugatu beharrean eskuhartze politikoaren aukerak zabaltzen dituena, ikusle hutsak sorrarazi ordez edozeinen gaitasunak (egiteko, esateko, pentsatzeko) biderkatzen dituena, elkarrizketak aktibatzen dituena eta ez monologoak.

Foucaultengandik gaur jaso dezakegun irakaspenetako bat da pentsamendu politikoaren heldutasuna ez datzala txikitik handira igarotzean edo kaleetatik instituzioetara “jauzi” egitean (ezta kontrakoan ere), baizik eta, azken beltzean, erregea gillotinatzean, eta, soilik plurala (edo pluralean) izango den aldaketa bultzatzeko hizkuntzak eta mapak asmatzean.

Antimilitarismoa Azkoitian [aurtengo andramaixtako txupinazoa dela eta]

Wednesday, September 3rd, 2014

ANTIMILITARISMOA AZKOITIAN: EGIAZKO MAPAREN ZIRRIBORROA.

Herri mugimenduak izaki bizidunak bezalakoak dira. Sortu, hazi, ugaldu eta hil egiten dira. Ondoren lurpean pake-pakean utzi ezkero, hilotza beste mugimendu berri  batzuentzat ongarri bihurtuko da. Kontrakoa ere gerta daiteke: norbaitek haratustela                      lurpetik ateratzea eta alderdi edo erakunde sarraskijaleen bazka bihurtzea; nere ustez, antimilitarista taldearen hilotzarekin aurtengo Andramaixetan gertatu dena.

Aurrera jarraitu baino lehen bi ohar gaizki-ulertuak sahieste aldera:

1.- Hemen aipatzen diren gertaerak epe historiko zehatz batetan kokatzen dira: 1980tik hasita, orduan hasi ginelako talde antimilitaristan lanean, 1985raino. Urte hartan, tailaren boikotaren ondorioz besteak beste, Udalak Gaztetxea botatzea erabaki zuen.

2.- Azkoitiko egungo Udal gobernuaren arduradunei, ohiturari men eginez, “ezker abertzalea” deritzot, eta berau garai bateko Herri Batasunaren oinorde politikotzat hartzen dut, beraien zuzendaritzan azken hamarkadetako etenik gabeko hariak kontrakoa pentsatzeko aukera gutxi uzten digulako.

Gure azalpenera bueltatuz, uztaileko Maxixatzenekin haragi ustelaren kiratsa bezalako zerbait zabaltzen hasi zen. Bertan mugimendu antimilitaristaren partaide izandako batek “nola garatu zen mugimendu antimilitarista Azkoitian?” galdetuta, mugimenduaren lehenengo bost urteetan egindakoak ixiltzen ditu. Horren ordez nahiago du bere burua noiz hasi zen garatzen antimilitarista bezala azaldu, garrantzi guztia ekimen soil bati emanez. Gainera ekintza horren data ematerakoan nahastu egiten da. Tailaren boikota ez zen 1984an izan, 1985eko martxoan baizik.

Jakina, data horren aurretik ere inguru hauetako indar politiko bakoitzak ondo finkatuta zituen soldaduskaren eta ejertzitoaren inguruko jarrerak. Erradikalenak “lau herrialdeak Kapitaintza Jeneral bakarrean”  edota “soldaduen kontseiluak” bezalakoak. Bestalde, Azkoitian eta beste leku bakan batzuetan, alderdi politikoetatik kanpo mugitzen ginen hainbat lagun aspalditik gaia kaleratzen ari ginen.

Gure taldea 1979-80ko ikasturtean sortu genuen Azpeitiko Institutuan genbiltzala. Orduan atera eta partitu genuen gure lehenengo pegatina: lorea kasko barruan “Pakea nahi baduzu gerrarik ez prestatu. Ejertzitorik ez!” esaldiarekin. Goian aipatu ditugun leloekin bazegoen aldea. Mugimendu errealak laster zegokien lekuan utziko zituen azkeneko horiek, historiaren zabortegian.

Bide horretan urratsak ematen ari ginen urolaldeko antimilitarista taldea izenarekin, hasieran Azpeitian biltzen ginelako. Taldea hazten joan zen: informazioa bilduz, beste herrietako jendearekin eta aurretik mobidatan ibilitakoekin egonez eta eztabaidatuz… Kaleko estreineko mobilizazioak gauzatzera heldu ginen 1982rako; enkartelada-poteo bat Azpeitian, Xoxoteko eguna eta Indar Armatuena batera zirela baliatuz Izarraitzen topaketa…Hango aldapak baino oztopo handiagoak ere suertatu ziren: Ezker Abertzalea ez zegoen prest beraien gidaritza izango ez zuen mugimendu bat ametitzeko. Orduko Jarraikoekin egiten genuen talka behin eta berriz, beraien ikuspuntuak inposatzen tematzen zirelako eta eztabaida publiko bat ere izan genuen Enparan dorretxean 1983ko otsailean. Ez alperrik. Abenduan Jarraiko bigarren kongresuan onartutakoak garbi uzten zuen errealitatetik kanpo segitzen zutela: ”Printzipio antimilitaristetan oinarritutako jarrera guztiak baztertzea, okupazio ejertzitoari modu eraginkorrean aurre egiteko beharra dela eta”. ”Soldaduska honi ez!”, “Euskal Ejertzito herrikoi baten alde”, “Benetako Euskal Gobernu batek zuzendua izango den soldaduska Euskadin egin ahal izango dugu” esaten zituztenekin elkar ulertzerik ez genuen. Eta horrela iraun zuten urte luzez “intsumisioaren olatua” atzeraezina bihurtu zen arte eta bategitea beste erremediorik izan ez zuten arte.

Horrelakoa zen giroa gutxi gorabehera sasoi haietan. Hori azaldu ordez kontakizun pseudo-idiliko batekin garaian zeuden ikuspegi kontrajarriak estaltzea alderdi zehatz baten mesedetan, ezker abertzalearen mesedetan, historiaren faltsifikazio interesatu batentzako lan zikina egitea da. Putreak elikatzeko hilobiak profanatzea bezalakoa. Kontakizuna egiteak seriotasun minimo bat eskatzen du. Garai haiek bizitako batzuk oraindik hemen gara, eta, zeharo lerdotuta ez gaudenez, alderdi eta indar politiko bakoitzak esandakoak eta egindakoak gogoratzen ditugu. Zenbaitzuk gertaera historikoekin zer ikusirik ez duen oportunismo partidistaren menpeko morokila egiten saiatzen direnean Lissagarayren hitzak gogoratuko dizkiegu: “Herriarentzat kondaira iraultzaile faltsuak asmatzen dituen hura, istorio liluragarriekin dibertiarazten duen hura, itsasgizonentzat gezurrezko mapak marrazten dituen geografoa bezain kriminala da”.

Orain arte esandakoarekin 1985ko tailaren boikota ez zela berezko sortzapenetik edo argialdi zerutiar batetik etorri garbi geldituko zela pentsatzen dut. Gezurrezko mapa hori osatzeko beharrezkoa zen, baita, Gazteen Asanbladaren eta Gaztetxearen inguruko ezer ez azaltzea, borroka antimilitaristan jokatu zuten paperari buruz hitz bat bera ere ez aipatzea. Eta era berean Gazteen Asanbladaren ondarea ziren hainbat argazki sarean eskuragarri daudela aprobetxatzen dira festatako programa apaintzeko! Hori egin duenak bi gauza nahastu ditu. Argazkiak eskura izatea eta argazkiak erabiltzeko zilegitasuna berak izatea. Eta nik behintzat ez diot aitortzen zilegitasun hori ez Udalari, ez ezker abertzaleari. Zergatik? Berriro ere urte haietara bueltatu behar dugu hori azaltzeko.

Azkoitiko mugimendu antimilitaristaren garapenean 1983ko urtarrilaren 29a egun seinalatua izan zen. Antimilitarista taldekoak izan ginen egun hartako gazte asanbladaren deialdia egin genuenak. Ordurako gure herrian biltzeko eta ekimenak prestatzeko espazio baten gabezia ez zela bakarrik gure taldearen arazoa jabeturik geunden. Hortan behintzat bete-betean asmatu genuen. Handik aurrera bi borrokak asko indartu ziren, bai soldadutzaren aurkakoa bai Gaztetxearena. Asanbladaren bidea autoorganizazioarena izan zen, gazteen beharrak “ezein talde politiko eta erakunderen menpe” ez jartzearen bidea. Gaztetxeak “faltan genituen egintzetako eta baita elkar ikusi eta elkarrekin topo egin ahal izateko leku aproposa” izan behar zuen eta okupazioa jotzen genuen lokala lortzeko tresnatzat. 1984ko otsailetik 1985ko abuzturaino iraun zuen Gaztetxe okupatuan hitzak praktikara eramateko modua izan genuen. Testuinguru horretan burutu zen 1985eko martxoaren 10eko tailaren boikota: ostirala 8an Floreagako zinema aretoan filma bota genuen, larunbatean kontzertua Gaztetxean eta igandean tailarena. Autoorganizazioa hori zen.

Horretxek ekarri zuen Udalaren erantzuna. Gaztetxea botatzearen erabakia tailaren boikotaren ondorio zuzena izan zen EAJk garbi zuelako Gaztetxearen eta soldadutzaren aurkako ekintzaren arteko lotura, gaur batzuk akordatzen ez badira ere. Ez dira akordatzen ezta Udalaren erabakiari aurre egiteko Udaletxean sartu ginela eta gose greban hasi ginela, handik ordu gutxira udaltzainen gas negar-eragileen oldarraldiarekin eta goardia zibilaren parte hartzearekin bukatu zena. Edo akaso akordatzen dira eta ez dute aipatzen. Ze, guzti horren ondoren, beste indar batzuen elkartasuna jasotzen ari ginela, Azkoitiko HBk agiri bat kaleratu zuen esanez “sistemari laguntzen dion jendea, drogekin trafikatzen dutenak…(eta abar, guztiok ulertzen gara)” zeudela gure artean.

1985eko maiatzean zen hori eta urte mordoxka pasatu da. Desberdintasun politikoak zurrumurruen atzean tapatzea ez zela bidezkoa izan publikoki onartzeko behar dena baino urte gehiago, seguru. Hori egiten ez duten bitartean, agiri haren sinatzaileen ondorengoen ahotik esker hitzak ez ditut ezertarako behar. Eta ez ditut onartzen.

 

Luis Olano Etxabe

 

 

 

 

 

Asteazkena Uzt.2 7.30tan aurkezpen ekitaldia Matadeixen

Monday, June 30th, 2014

nahi duen guztia gonbidatuta dago…

Kapitalaren aurka eta haratago_John Holloway

Sunday, June 22nd, 2014

Hainbat kritikarik argudiatu du iraultzaren gaiari tradizionalki eman zaion erantzuna (boterea hartu eta gizartea aldatu) zalantzan jartzea erantzun alternatiborik proposatu gabe, gizarte-borroka desmobilizatzea, edo nahita edo nahi gabe, inora ez garamatzaten mikropolitiken ugalketa sustatzea dela […] Oker daude: Mundua aldatu boterea hartu gabe-k ez du krisirik zabaltzen iraultzaren ohiko kontzeptuaren ideian, aldiz, hura aitortzen du oinarri moduan, beste behin ere iraultzaz serio hitz egiten hasteko. Ohiko kontzeptuaren krisia lehendik ere hor zegoen: hori aitortzeari uko egiteak desmobilizatzen du borroka eta ezinezko egiten mundua aldatzeaz zintzo hitz egitea. Eztabaida ireki honen aberastasunak erakusten du kapitalaren aurkako borrokaren ohiko egituren krisia

liburua osorik hemen:

John Holloway_kapitalaren aurka eta haratago

hemen da bagaudia

Friday, June 13th, 2014

 

 

caida-de-roma