Errusiar armadak, Europan II. Mundu Gerraz geroztik egon den gatazka larriena piztu du Ukrainaren inbasioarekin. Larriena ez suntsiketaren neurriagatik bakarrik (milaka zibilen bortxaketa eta hilketa sistematikoa, milioika lagunen lekualdatzeak, hiri eta azpiegituren birrintzea…), baita ahaztuta geneukan gatazka nuklear baten mehatxua eguneroko ogi bihurtu zaigulako berriro ere, gure espeziea lurretik desagertzeko aukerak benetakoa izaten jarraitzen duela gogoraraziz.
Horren aurrean, zentzuzko edozein jarreraren oinarria errealitate gordinaren onarpena izan beharko luke, gure ustez; gure nahien, eskema ideologikoen eta diskurtsoen gainetik.
Hau da, gatazka honetan erasotzaile bat eta erasotua daude, Errusiar armada eta Ukrainako herria hurrenez hurren. Ez da onargarria inbasioa hala moduzko arrazonamendu geopolitiko edo estrategikoarekin zuritzea inondik ere, “ezkerreko” hainbat eragile egiten ari diren moduan; eta ezin zaizkio, ezta ere, gure diskurtso “puristak” gurea bezalakoa ez den egoera bati ezarri, Siriako gerrako hainbat errefuxiatuk oso ondo adierazten duten moduan. Besteak beste, ez garelako inor ukrainarrei errenditzeko edota nolako erresistentzia mota lehenetsi behar duten esateko: militarra, gerrilla tankerakoa, ez-armatua edo hiruren arteko nahasketa bat.
“Inbasio bati armaz egiten zaio aurre” leloa bota eta negozio berria egiteko prest diren armagileek eta “Gerrarik Ez” errepikatzera mugatzen diren mendebalde aberatseko bakezaleek bat egiten dute Ukrainako herritar erasotuei, kanpotik, nola jokatu behar duten inposatzeko jarrera erridikulo horretan.
Guretzat garbi dago ukrainarrak, munduko zapaldu guztiak bezalaxe, gai direla beraien erabakiak euren kabuz hartzeko eta gure babesa izango dute erasotuak izaten ari direnez, etika iraultzailea behin eta berriz urratzen ez duten bitartean (zibilen hilketa sistematikoa, gerra legeak ez betetzea eta abar).
Beraz, Errusiako agintarien asmo inperialak irmotasunez salatu behar ditugu. Errusiar armada Ukrainan egiten ari den sarraskia geldiaraztea izan behar du antimilitariston lehentasuna; gerra hau, azken hamarkadetako Europan izan den eraso militar, suntsiketa eta krimen handiena, geldiaraztea.
AITZAKIAZ BETETAKO INBASIOA ZURITZEN
Otsailaren 24an, errusiar armadak aitzakiaz betetako inbasio kriminal bat hasi zuen Ukrainan. Errusiako gobernuak Ukraina desnazifikatzeko, desmilitarizatzeko eta NATOrekin bat egin ez zezan hasi omen zuen gerra.
Kremlineko nazionalistek Ukraina eta Errusia herri bakarra direla pentsatzen dute eta hortik beraien argudio nagusienetakoa: errusieraz hitz egiten duen biztanleria babesteko hasi zuten “operazio militar berezia”. Argudio hori inperio desberdinek historian zehar behin eta berriz errepikatu duten aitzakia merkeenaren bertsio gaurkotua besterik ez da.
Lehen aipatutako Siriako errefuxiatuek diotenez, Putinen ofentsiba eraso inperial eta kontrairaultzaile baten jarraipena da, nahiz eta gerra humanitarioaren erretorika erabili. Putinek ezin du beste protesta olatu bat jasan bere eragin-zonaldean, Errusiaren azken kanpaina inperialisten ondoren (Krimeako inbasioa, Siria, Bielorrusia eta Kazakhstango altxamenduen errepresioa).
Horrelako inperialismo basati bat justifikatzea edo zuritzea onartezina iruditzen zaigu. Ez dugu ulertzen nolatan Irakeko edo Afganistango inbasioak kritikatu zituzten berdinek, oraingoan, ez duten errusiar armadaren okupazioa kritikatzen. Apirilean, Santiago Alba Ricok “Ukraina eta ezkerra” idatzian argi zioen:
“Hainbeste arduratzen gara historiaz eta “egiturez”, ezen hortxe urtzen baitugu Putinek herrialde subirano bat inbaditzeko eta milaka eta milaka hildako eta milioika errefuxiatu eragiteko hartutako erabakia. Irak inbaditzearen aurka nazioarteko legediaren babesa
argudiatzeak zentzurik izan bazuen, zentzu bera dauka Ukrainaren inbasioaren aurka horixe argudiatzeak ere; oraindik negoziazioen, presioen, zigorren eta eraso militarren artean bereizteak zentzurik badu, Putinen Errusia egoera berri baten arduradun bakar gisa salatzeak ere badu zentzua, ukrainarren eta errusiarren bizitzekin batera munduko bakea eta planetaren biziraupena arrisku bizian baitaude. Putinek NATOren aurka izan zezakeen arrazoi oro atzean gelditu zen, bere armadak Ukrainako muga, eta, horrekin, mugimendu geopolitiko bat eraso militar batetik bereizten duen marra, gurutzatu zuen une berean. Historian ez dago automatismorik. NATO Gerra Hotzaren ondoko garaipenaren kudeaketa txarraren arduradun da baina ukrainarrak ez dira NATOren biktima, juduak Versaillesko itunaren biktima izan ez ziren modu berean.”
Mendebaldeko hainbat “ezkerreko antiinperialistek” inbasio kriminal hau Errusia umiliatu eta mehatxatu baten eta Mendebalde oldarkor baten arteko liskar baten modura ulertzen dute: Ukraina, sakonean, NATOren inperialismoaren eta Errusiaren arteko gudu-zelai bat besterik ez litzateke. Guk, gure aldetik, jarrera horrek aurresuposatzen dituenak salatzen ditugu:
• Alde batetik, estatu batek, izan Errusia izan beste edozein, bere segurtasun nazionalaren aurkako balizko mehatxuari aurre egiteko, ez duelako eskubiderik beste herrialde bat inbaditzeko.
• Bestetik, Mendebaldean bizi garenok mundua gu geu bezalako jendez beteta dagoela askotan ahazten dugulako; unean uneko erabakiak hartzeko gai den jendeaz. Gure ikuspuntu eurozentriko eta nartzisistak alboratzeko ordua da, behingoagatik. Mendebaldekoak ez diren munduko beste biztanle guztiak ez dira geopolitikaren txotxongilo hutsak!
MESFIDATIEGIAK ELKARTASUNERAKO, JAKINTSUEGIAK INTERNAZIONALISMORAKO
Alba Ricoren esamoldeak oso ondo laburbiltzen du hilabete hauetan gure inguruan sumatu duguna, salbuespenak salbuespen. Benetan penagarria eta sinestezina iruditzen zaigu, gatazka bete betean bizitzen ari diren kideek, gure esparru berberean mugitzen direnek, edota besterik ez bada ere, ikuspuntu antzekoak partekatzen dituztenek zer esaten eta egiten duten jakitea sekula baino errazago denean, nola gu gure aldetik ez garen gauza izan haiekiko gure elkartasuna adierazteko. Ukrainako eta Errusiako gure parekoak pairatzen ari direnarekin ahaztu egiten gara eta inora ez daramaten salmenta libreko geopolitika diskurtsoekin konformatzen. Nola izango gara, bada, gure kide ukrainarrekin solidarioak, NATOren morroi edota realpolitikaren albo-kalte hutsa besterik ez direla onartzen dugunean, duintasun arrasto txikiena ere ukatzen badiegu? Horra hor gure sakoneko arazoetako bat, Mendebaldeko ezkerraren barnean oso zabalduta dagoena eta Euskal Herrian ere hedatzen ari dena. “Fatalismo geopolitikoa eta elitismo paranoikoa, sindrome berberaren gurutzatutako iturriak, besteen autonomia, borondatea eta ekiteko ahalmena ukatzen bukatzen dute”, Alba Ricoren hitzetan berriro ere.
Ez dugu ukatuko Ukrainako inbasioak gure ikuspuntu antimilitarista kinka larrian ezarri ez duenik. Orain dela lau bat urte armagintzari buruz kaleratu genuen txostenean “galdera ezerosoak” izendatzen genituenak hil ala biziko arazo bihurtu zaizkie gure kide ukrainarrei: “Nolako autodefentsa irudika dezakegu gaur? Nola babestu geure burua erasoengandik? Nola lortu komunitatearen aurkako interbentzio militar bat ez oso erakargarri izatea? Ezin esan galdera horiek gaurkotasunik ez dutenik, edota erantzun errazik dutenik, gizartetik bereizitako egitura armatu eta hierarkikoa den ejertzitoa onartzeko prest ez gaudenontzat behintzat.
Aipatutako txostenean, erantzunak bilatzeko ahaleginean, honakoa genion: “John Hollowayk, zapatisten eredua aipatuz, gogoratzen digu erantzuna ezin dela mugatu arlo militarrean indarra indarraren aurka erabiltzera eta komunitateak gizarte hartu-emanak maila globalean ehuntzeko duen ahalmenarekin zerikusi gehiago duela”.
Ikusmolde horrek bi jarduera maila bereiztera eramaten gaitu:
1-Ukrainarren erresistentzia babesteko elkartasun lanak izan behar du lehentasuna. Operation Solidarityko kide anarkistek garbi diote. Inbasioari aurre egiteko armada errusiarraren aurka borrokatzeak merezi du: ”Ez dugu ihes egin nahi, ez dugu gatibu izan nahi, eta borrokatu gabe hiltzerik ere ez dugu nahi”.
2-Egoera latz horretatik kanpo gaudenok, era berean, badugu beste lan esparru batean jarduterik. Gure egitekoak herri mugimendu antimilitarista sustatzea izan behar luke, inbasioarekin jarraitzea errusiar armadarentzat “ez oso erakargarri” izatea lortu arte. Eta hor, tamalez, dena egiteko daukagu.
Zantzu guztien arabera, higadurazko gerra luze baterako prestakuntzak, erasotzailearen aldetik, gaina hartu dio Estatuen arteko negoziazioen aldeko jarrerari. Eta Mendebaldean zer esanik ez. Estatu espainiarraren kasuan hor dira gastu militarren bikoiztea, beste 20 Eurofighter gerra hegazkinen erosketa eta abar.
Gu gure aldetik, eta jakinda hondar ale txiki bat ia besterik ez garela, ez gaude prest joko makabro horren ikusle soilak izateko. Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako jende xehearekin lerratzen gara, zapatistekin batera, Siriako errefuxiatuekin batera, eta munduko edozein bazterretako beste hainbat lagunekin batera. Une hauetan gauden moduan egonda ere, zerbait egitera deitzen zaituztegu guztioi Errusiar armada Ukrainatik kanporatzea lortu arte!
Gerra pairatzen ari direnen iritzia entzutea eta ulertzea funtsezkoa dela pentsatzen dugu Bagaudiatik. Hemengo esteka hauetan irakurri daitezke zenbait testu interesgarri.
https://operation-solidarity.org/
https://es.crimethinc.com/2022/02/15/anarchistes-et-guerre-perspectives-anti-autoritaires-en-ukraine
https://es.crimethinc.com/2022/03/07/guerra-en-ucrania-diez-lecciones-de-siria-personas-exiliadas-sirias-hablan-de-como-su-experiencia-puede-servir-de-base-para-la-resistencia-a-la-invasion
https://medium.com/@blackheadquarterinua/manifesto-of-resistance-committee-261e01769dac
https://de.crimethinc.com/2022/03/29/solidarity-in-an-age-of-war-and-displacement-anarchists-confront-theweaponization-of-refugees-on-the-poland-belarus-border